Amillubi egitasmoa aurkeztuko dute ostegunean Merkatu Plazan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 29a, 13:30

Myrian Imaz, erdian makurtuta eta Ohiana Usabiaga haren ezkerrean, beltzez jantzita, Amillubi proiektuko gainerko kideekin batera Zestoako Iraeta auzoan. (amillubi.eus)

Merkatua Bizirik elkarteak antolatu du saioa eta Biolurrek bultzatutako proiektuaren talde eragileko bi kidek emango dituzte azalpenak. Myrian Imaz zarauztarra izango da bat.

Merkatua Bizirik elkarteak antolatuta, Agroekologiatik askatasunera hitzaldia eskainiko dute ostegunean Myrian Imaz zarauztarrak eta Oihana Usabiaga Zestoako bizilagunak. Biak ala biak nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa bultzatzeko Gipuzkoako Biolur elkarteak sustatutako Amillubi Lurra Taupaka proiektuaren talde eragileko kideak dira, eta, hitzaldiaren xede nagusia proiektua herritarren aurrean aurkeztea da, hain zuzen.

Biolurrek joan den abenduan abiatu zuen egitasmoa eta herriz herri ari da aurkezpenak egiten egunotan. Bada, Zarauzkoa ostegunean izango da, esan bezala, Merkatu Plazako goiko solairuan 18:30ean hasita. Bi hizlariek "lurra ondasun kolektibo bilakatzeko" helburuarekin Zestoako Iraeta auzoko Amillubi baserrian abiatu duten egitasmoaren nondik norakoak azalduko dituzte eta herritarrek nola lagundu dezaketen argituko dute. Aurreratu dutenez, ikus-entzunezkoa ere proiektatuko dute argibideak laguntzeko.